INAUTERIAK

Inauteriak bereziki Europan eta Amerikako hiri eta herrietan neguaren bukaera aldera jendeka mozorroturik ospatzen dituen jaiak dira, desfileak eginez edota besterik gabe jai-giroan, kantuz eta dantzan, murgilduz. Inauterien ezaugarri bereziak dira, beste jaien aldean, umore, parodia eta satira-giroa, gizarte ordena urratuz eta alderantzikatuz. Jai hauetako giro alai eta bizia islatzearren, inauterietako adituek "denbora kartsu bizia" eta "jaien jaia" erabili dituzte euren definizioetan. Historikoki, Erromatar Eliza Katolikoaren eta Eliza Ortodoxoaren tradiziotik abiatzen diren jaiak dira, barau eta pribaziozko Garizumaren aurretik ospatzen baitira, baina zenbaiten ustez paganismoan daude sustraiturik.
Inauteriak ospatzen diren herrialdeetako hizkuntza gehienetan izendatzeko gehien erabiltzen den terminoa karnabala da.. Euskal Herrian, ordea, inauteriak, inauteak, ihoteak eta aratusteak deitzen zaie jai horiei; bestelako izen bereziak erabili izan dira, hala nola Lapurdin eta Nafarroan zanpantzarrak (jaietako pertsonaiari erreferentzia eginez) eta Gipuzkoan asteartinak (inauterietako astearteari erreferentzia eginez). Espainian, carnestolendas eta antruejo terminoak ere erabili izan dira, bereziki inauteri tradizional zenbait izendatzeko.

Inauterien jaiak mugikorrak dira egutegian; hau da, urte batetik bestera data zehatza aldatu egiten da, kristau liturgia-egutegiko Garizuma eta Pazkoa kristau ospakizunak erreferentzia harturik. Oro har, inauteri jaiak Garizuma abiatzen den aurreko astean hasi eta Garizuma hasierako hausterre-egunaren bezperara arte luzatzen dira.
Kandelaria egunean, otsailaren 2an hain zuzen, goizenera, inauteriak hasten dira; era horretan, Eguberritik otsailaren 2ra arte, 40 eguneko edo ilargi t'erdiko zikloa dago, inauterien zikloko jaiek betetzen dutena eta Garizumak 40 eguneko beste ziklo batez jarraipena ematen diona; horrela, urtea 40 eguneko ziklo baten arabera antolatzen da. Inauteri jaien data mugikorra da, ordea, eta ez da beti gertatzen otsailaren 2an: Pazkoa udaberriko lehenengo ilargi betea da eta, beraz, inauteria neguko azken ilargi berria da. Beraz, otsailaren 2ko data finkoa (eguzkiaren egutegia) ilargiaren egutegira egokitu behar da. Hipotesi baten arabera, Kandelaria eguna neguaren eta, beraz, denboraren bilakaeraren erreferentzia gisa baliatzea dakar horrek; adibidez, Europa osoan zabaldurik dagoen tradizio baten arabera, hartza otsailaren 2an bere ezkutalekutik zerua behatu eta iluna badago (ilargi berria eta, beraz, ospatu egingo da inauteria), atera egingo da; argia badago (ilargi betea), berriz, beste 40 egunez itxarongo du (inauteria bezalaxe).
Elena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario